XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Perpaus bakunaren egitura: aditz sintagma


Aditza
ISnor (inguratzaile zuzena)
ISnori (zehar inguratzailea)
Adizlaguna (adlag.)
Aditzondoa (adond.)
Posposizioak

B.3.2. KOMUNZTADURA KASUAK

Jakina da berebiziko garrantzia dutela deklinabideko atzizkiek perpausaren baitako sintagmen lotura egiteko.

Sintagmak diogu, deklinatzen dena ez baita izena, sintagma osoa baizik.

Deklinabideko erlazio atzizki hauek (B.4.1.) adierazten dute sintagma bakoitzak betetzen duen zeregina:

AmonaK UrkiolaKO azokaTIK erroskilak dakarzkio etxeKO haurraRI

(nork); (nongo); (nondik); (zer); ad.; ((nongo) nori))

Nork izen sintagma -k erlazio atzizkia daramana da.

Ergatibo izena ematen zaio.

Kasu hau beti subjektua da euskaraz.

Ez dugu, hortaz, sekula predikatu edo ASn ikusiko.

Nor izen sintagma erlazio atzizkirik gabekoa da.

Singular eta plural markak har ditzake, baina beretzako kasu marka espezifikorik ez du.

Absolutibo izena ematen zaio.

Subjektuan nahiz predikatuan ager daiteke.

Subjektua Nork bada, Nor hau predikatuan aurkituko dugu inguratzaile zuzen gisa.

Nork gabeko perpausa bada, Nor bera da subjektua.

Partitibo (-(r)ik) deitu deklinabideko kasua, duen funtzioagatik, Nor kasua da.

Nori izen sintagma, -i erlazio atzizkia eramaki, beti predikatuan ikusiko dugu eta zehar inguratzailea da.

Datibo izenaz ere deitzen zaio.

(Ik. B.4.6.1. Kasu gramatikalak)

Hiru izen sintagma hauek (nork, nor, nori) dira aditzarekin komunztadura edo konkordantzia gordetzen dutenak.

Hiru sintagma hauen arabera dantzatzen du aditzak.

Aditzak, euskaraz, inguruko hizkuntzetan ez bezala, hiru sintagmokin du komunztadura eta ez subjektuarekin bakarrik.